Musikaren garrantzia ikasgeletan: “Musika ez da irakasgai soil bat, gure barrukoa adierazteko artea baizik”
‘Musikaren erabilera eta bizipena Haur Hezkuntzan’ ikastaroa abian jarri du Ana Urrutia irakasleak, UEUko 42. edizioaren barruan. Bertan, musikaren garrantziaz jabetzea eta ikaslearen garapen osoa lortzeko (entzumena, adierazpena eta sormena) beharrezko baliabideak ezagutaraztea du jomuga irakasleak. Hori guztia lortzeko, jarduera praktikoak zein teorikoak bideratuko ditu, eta bakarka zein taldeka lan egingo dute partaideek.
Entzumena, adierazpena eta sormena garatzeko balio du musikak. Hala, Haur Hezkuntzan musikaren bizipena eta erabileraren garrantzia azpimarratu nahi izan du Urrutiak, haurraren garapen osoa lortzeko eta bere entzumena, adierazpena eta sormena adierazteko ezinbestekoa baita. Aipatzen du musikaren bitartez haurraren barruko mundua adierazten ahal dela. Halaber, beste konpetentzia batzuk badaudela azaltzen du; zeharkako konpetentziak, esaterako. Haurren arteko harremana eta, norberaren eta ingurunearen ezagutza ere lantzen ahal da musika erabiliz. Halaz, geletan bizikidetza hobetzeko modua ere badela argitzen du.
Ikastaroaren helburu nagusia
inguruan dauden baliabideekin kontaktuan jartzea izango da; hau
da, mugimendua, gorputza, ahotsa, eta tresnak ezagutzea eta
azken finean, horiek nola erabiltzen diren ikastea. Horretarako, zenbait jarduera proposatzen ditu
Urrutiak ikastaro honetan: “Haur hezkuntzako gelan mugimenduaz
baliatzen ahal gara: mobilizazioak, koreografia txikitxoak, dantza
xumeak eginez”. Hori lortzeko askotan herriko dantzak oinarri
hartzen dituztela azaltzen du: “Horiek antolatzen eta moldatzen
ditugu ere, gelan erabilli ahal izateko”. Horretaz aparte, ahotsa landu beharreko elementu garrantzitsua dela dio: “Silabekin jolasten ahal dugu, haurrak oso txikitxoak direnean: ta-ta-te-te”. Horrekin batera, musika tresnak ere aipatzen ditu
irakasleak: “Haientzat egokiak direnak erabiltzen ditugu.
Adibidez: kotidiafonoak, gorputz perkusioa, boomwhackers, perkusio
txikia, plakadunak”.
“Musika oso naturala da eta ulertu behar dugu musika arloan ez direla musika lanak bakarrik sartzen; soinuak,
isiluneak, umeek egiten dituzten zaratatxoak, onomatopeiak,
animaliek sortzen dituzten soinuak…horrek guztiak osatzen du
musika arloa”. Gauzak horrela, musika haurrentzat “oso baliagarria eta esanguratsua” dela dio.
Itxura denez, musika erabiltzean barruko munduarekin eta
emozioekin bat egiten dutelako haurrek: “Dantza egitea, ahotsa
erabiltzea, edozein jarduera egitea edo musika tresnak jotzea
laguntzen du eta noski, besteekiko harremanak garatzen dira eta
horiek indartzen ditugu”. Azken ideiari jarraiki, Urrutiak dio
haurren adimen emozionalean bete-betean sartzen dela musika.
Amaitzen du esanez, musikaren egoera hezkuntzan latza dela eta orokorrean oso leku txikia eskaintzen zaiola:
“Musika Haur Hezkuntzan egunero lantzeko arlo bat izan beharko
litzateke”. Egoera horri aurre egiteko, azken finean, jendeak
musika irakasgai soil bat baino gehiago dela ulertzea nahi du
Urrutiak: “Benetan erabili behar dugun artea edo arloa da, gure barrukoa adierazteko”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario